Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, biharko, elkarretaratze ugari deitu dituzte Uribe Kosta eta Erandioko emakumeen elkarte, administrazio publiko zein eragile feministek. Besteak beste, Erandioko Emakumeen Elkarte Soziokulturalak kontzentrazioa egingo du 12:00etan, udaletxe aurrean, Irailaren 23a plazan. Andrak elkarteak, berriz, 13:30ean jarri du batzeko ordua Leioako Bulebarrean. Arratsaldera helduta, Sopelako Udalak eta Itzartu elkarteak antolatuta, ekitaldia (adierazpenaren irakurketa), sari banaketa (ipuin laburrak, olerkiak...) eta Xabi Aburruzaga trikitilariaren saioa izango dira, 18:00etatik aurrera, udaletxean. Bitartean, Algortan, manifestazio batek zeharkatuko ditu kaleak, Bilgune Feministak deituta. Hitzordua 19:30ean jarri dute Telletxe plazan. Hori bukatuta, ekitaldia izango da Tellagorrin eta, ondoren, luncha Aldai patronatuan. Beste horrenbeste egingo du Itzubaltzetako Emakumeen Asanblada, 20:00etan, Santa Eugenia plazatik abiatuta. Azkenik, Leioako Bilgune Feministak arratsaldean ere Bulebarrean batzera deitu ditu herritarrak, 20:00etan. Hala ere, antolatu duten argazki lehiaketaren lanak arratsalde guztian egongo dira ikusgai aipatu lekuan. Argazkian, iaz manifestazio bateratua egin zuten Erandioko Emakume Gazteen Asanbladak eta Algortako Bilgune Feministak.