Gainera, krisialdi garai honetan bazterkeria batez ere aurpegi femeninoa duela salatu zuten, "emakumeok beti egon izan gara krisian" gogoratu zutela. Aparteko tratamendua eman zieten herriko emakumeek pairatu dituzten eraso sexistei, tartean bortxaketa bat, bortxaketa saiakera bat, jazarpenak, jarraipenak eta irainak. Horiek ekiditeko erroetara jotzera eta autodefentsara deitu zuten.
Dena den, atzokoa IEAk antolatutako aste feministaren data garrantzitsuena izan arren, ez zen izan antolatutako ekimenen amaiera. Gaur, esate baterako, "Etiketadun kateak hautsi" izenburuko antzezlana egongo da ikusgai 21:30etik aurrera, Itzubaltzeta gaztetxean. Sarrera 3 eurotan izango da eta pintxoak ere egongo dira, aurreratu dutenez. Bestalde, larunbatean, hilak 10, eskualdeko hainbat eragile feministekin batera (Leioako Bilgune Feminista, Algortako Bilgune Feminista eta Erandioko Emakumeen Asanblada) antolatutako bizikleta martxa izango dute emakume itzubaltzetarrek. Sopelako udaletxetik abiatuko dira 10:30ean, Leioan amaitzeko. Amaitzeko, igandean, "La vida de Antonia" filma egongo da ikusgai gaztetxean, 19:00etatik aurrera, kakao beroarekin.
Itzubaltzetako Emakumeen Asanbladak zabaldutako irakurketa
Gaur, martxoaren 8a, emakumearen eguna. Egutegian borrokarako zehaztua dugun egunetako bat, kaleak aldarrikapenez betetzen ditugun egunetako bat. Egun, oraindik, data hau aldarrikapenerako erabili beharrean gaude, emakumeon aurkako indarkeria sexistak bere horretan jarraitzen duelako, etxean, lanean, kalean, nahiz jendartearen edozein arlotan.
Indarkeria sexistaren erroa, sistema kapitalista patriarkalean dago, sistema honek baztertzen gaitu, emakumeoi menderatuaren papera izatera bultzatuz. Indarkeria ez da soilik eremu pribatura mugatzen, bizi dugun krisi ekonomiko honetan indarkeria laborala sufritzen dugu eta prekarietatea areagotzen da, emakumeongan batez ere.
Guretzat ez da egoera berria, emakumeok beti egon izan gara krisian; etxeko langileak, baserritarrak, garbiketako langileak, ekonomia ezkutuan lan egiten dugunak (etxeko lanak edota zaintza lanak egiten ditugunak), gure lan orduek ez dute kotizatzen. Sexuaren araberako lan banaketak indarrean dirau. Eta emakume migranteei dagokienez, gehiengoek merkatu ezkutuan lan egiten dute, paperik gabe eta inolako baldintza duinik gabe.
Emakumeok pairatzen dugun errealitate orokorraren ondorioz, lan merkatuan gehiengoek kontratu prekarioak dauzkagu, gure bide laborala etengabeko eten garaiekin osatua dago, gehiegitan denbora partzialeko kontratuak dauzkagu eta.
Aipatzekoa ere emakumeok eremu pribatuan pairatzen dugun indarkeria sexista, instituzioetatik bideratzen diren lege eta protokoloetan, emakumeok soilik biktima moduan agertzen gara, gure burua defendatzeko gaitasuna eta gure buruaren jabe izateko eskubidea ukatuz.
Indarkeria sinbolikoa ere aipatu behar dugu, honetan eredu aipagarria publizitatea. Indarkeria sinbolikoa, ikusten ez den indarkeria da eta honen gainean emakumeon identitatea eratzen da.
Ezin dugu ahaztu gure herrian ere, mota ezberdinetako eraso sexistak eman direla: bortxaketa bat, bortxaketa saiakera bat, jazarpenak, jarraipenak eta irainak, horrelako egoerak bizi izan dituzte hainbat emakumek itzubaltzeta / Romon.
Indarkeriaren erroetara jo behar dugu, hezkuntza parekidea bultzatuz eta pertsonaren garapen integrala garatuko duen sistema hezkidetzailea praktikan jarriz.
Guzti honen aurrean, emakumeon tresna autodefentsa da. Autodefentsa, emakumeon arteko elkartasuna da, autodefentsa bizitzeko jarrera bat da, emakumeok bizi dugun errealitatearen aurrean bizitzeko hartzen dugun jarrera bat.
Gure eskubideen alde antolatu eta borrokatu behar dugu emakumeok , gure burua defendatu eta gure buruaren jabe garela aldarrikatu.
Gora emakumeon borroka!
Itzubaltzetako Emakumeen Asanblada
Atzoko mobilizazioa argazkitan