Ertzaintzak 19 eta 21 urte bitarteko hiru mutil atxilotu zituen atzo arratsaldean Sopelan, Metro Bilbao garraio enpresako bagoi bat sprayz margotu izana leporatuta.
Herrizaingo Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, arratsaldeko 4etan metroko zaindariek hots egin zieten Neguriko ertzain-etxera. Sopelako geltokian zegoen tren batean hiru gaztek pintaketak egin eta harrapatzera joan zirenean bertatik ihes egin zutela esan zieten segurtasun enpresakoek. Ertzaintzak inguruetan jazarri zituen gazteak eta geltokiaren ondoko atari batean hiru mutil topatu zituen, antza zaindariek emandako deskripzioekin bat zetozenak. Hirurak identifikatu ostean, spray batzuk topatu zizkieten eta ostean atxilotu zituzten, kalteen balizko falta bat leporatuta. Azkenik, Ertzaintzaren arabera, atxilotuei argazki-kamera bat bahitu zieten, bertako irudietan egindako pintaketen ondoan agertzen zirela. Bertsio ofizialari jarraiki, gazteek "aurrekari franko" dute "antzeko ezaugarriak dituzten delituak" egiteagatik. Epailearen eskuetan utziko dituzte. Argazkian, Metro Bilbaoko linean ohikoak dira artelanak, Astrabuduan egindako hau bezalakoak / cc-by-nc-sa
Conecta9.