Celia Thomas, Lorentxa Iturralde eta Jose Cazaubon dantzarientzako koreografia-lan horretan mintzaira garaikidea eta euskal mintzaira tradizionala nahasten dira, lau urtetik aurrerako gazteentzat proposatzen dutena. Poesia eta zentzugabekeria hainbat sainetetan korapilatzen dira. Dantzaldiak, "bere lur gorri koloretsuarekin, denborari eta espazioari itxura ematen dieten elementu kubiko ahokagarri zuriekin, funtsera garamatza… gorputz-mugimenduaren beraren funtsera", laburbiltzen dute EliralEko kideek.
Jantzien eta horien historiaren bitartez, denboraz kanpoko eta denboraz haratagoko bidaia batera garamatza "Ninika"-k, eta urtaroak igaro ahala, bidaia horrek jantzi eta erantzi egiten du, nolabaiteko biluztasunari aurre egitera bultzatuz ikusleak. Horrela, ikuskizuna helduentzat ere bada, eta heldu bakoitzak bere moduan interpretatu ahal izango du.
Hamaika erakusteko jaioak
Bihar gurera iaz sortutako "Ninika" obra. helduko bada ere, 2001eko martxoan EliralE konpainia eratu zenetik hamaika dira pasatutako urteak, sortutako koreografia-lanak eta bizitako esperientziak. Lehen lana "0001" izan zen, Amandine Mano-k sortutako lehen bakar-saioa. 2002an, berriz, Eusko Jaurlaritzaren Koreografo Gazteak lehenengo saria eskuratu zuten EliralEkoek, Manok eta Celia Thomas-ek sortutako "Firua" dela medio. Konpainiako koreografoa den Pantxika Telleriak urte horretan bertan sortu zuen "Esquisse pour une vie" 15 dantzarirentzako koreografia-lana, Marseillako Ballet Eskola Nazionalentzat. Obra hori maiz dantzatu dute.
Urte garrantzitsu horretako uztailean EliralE-k bere burua aurkeztu zuen lehen aldiz konpainia gisa Okzitaniako Carcasona hiriko dantza jaialdian. Abagune horretarako propio "Eden" lan hirukoitza aurkeztu zuen, "Andante", "Eden" eta "Exquise exuberance" atalez osatua. Arrakastaren karietara urte horretako udan eta udazkenean erakustaldi franko egin behar izan zuten Donibane Lohitzunekoek, herrian bertan, Euskal Herrian zehar, zein Frantzian eta Espainian ere. "Jarrera ezin sutsuagoa" topatu zuten jendearen zein prentsaren aldetik.
2003an, Telleriak bere keinu-mintzaira berrikusi zuen "Hiruki" eta "Lauki" sorkuntza berriekin eta Biarritzeko Temps d’Aimer jaialdian aurkeztu zituen bi lan horiek. Konpainia zuzentzeaz gain, Pantxikak hainbat jarduera egiten ditu tokian bertan, batik bat, haurrak, eskoletako ikasleak –eta oro har, edonolako ikasleak– edota mundu osoko dantzariak euskal dantza tradizionalaren gainean sentsibilizatzeari dagokionez.
2004an, ziklo berri bat hasi zen koreografoaren eta konpainiaren bizitzan. Ama izan ondoren, sorkuntza-mundua ikusle gazteengana hurbiltzeko premia sentitzen hasi zen Pantxika, eta horregatik, 2005ean "Kadira" sortu zuen.
Modu esperimentalean, 2006an "23: 22" bakar-saioa sortu zuten eta berau Sebastien Bertaud Parisko Operako dantzariak antzeztu zuen. Koreografiarako ardatz berria izan zen lan hori, eta eragina izan zuen "Lodikroko" –haur txikientzako lana– eta "Pastiche" –50 urtetik gorako bederatzi dantzarirentzako eta hamabost musikarirentzako lana– obretan. 2007an sortu ziren bi lan horiek. Geroago, 2009. urtearen hasieran, Pantxika Telleriak Jon Maya dantzariak egindako gonbitari erantzun zion, Kukai konpainiarekin "Soka" obra sortuz. Urte horretako maiatzean, EliralE konpainiak norabidea aldatu zuen, atal artistikoa eta administrazio-atala Azkainen kokatuz, zehazki, dantza-jardueretarako prestatutako Jauregian. 2009ko azaroan, Euskal Herri Hegoaldeko Herri Elkargoaren laguntza finantzarioarekin, konpainia haurren mundura itzuli zen, "Otto" sortuz. 2010ean, berriz ere Jon Mayaren laguntzari esker, "Sok2" sortu zen, 7 dantzarirentzako eta 3 musikarirentzako pieza, hain zuzen ere. 2011ko sorkuntza berriarekin, hots, Ninika lanarekin, ikerketaren egungo norabideak eguneroko bizitzako gorputz-oihartzunak aztertzea izan zuen oinarri.
2012ri dagokionez, ohiko emankizunak taularatu bitartean, konpainiaren geroa baretasun handiagoz kontrolatzea ahalbidetuko duten proiektuak planteatzeko balioko dien hiru urteko hitzarmen bat eskatu diete erakundeei.
"Ninika" obraren laburpen bideoa (© EliralE)