Ezkerretik Bilduz: "Aurkezpena"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko mar. 10a, 21:17

Ezker Abertzalean nahiz ezker soberanista eta independentistaren beste eremuetan sendo erroturiko lagun eta talde multzo anitza gara. Aspaldi elkartu ginen honako kezkari buruzko eztabaidaren inguruan: indar ezkertiar soberanisten metaketa antolatzeko eta egituratzeko erarik egokiena nola asmatu, gure ustez ezinbestekoak eta agerikoak diren etorkizuneko erronkei (ondoren azalduko ditugunak) behar bezala erantzun eta aurre egin ahal izateko. Zer nahi dugu? Ezker soberanista, abertzale nahiz independentistaren oinarri sozial osoari zabaldutako eztabaida horizontala eta demokratikoa abian jarri, oinarri sozial horri sendotasun eta ahalmen estrategikorik handiena emango dizkioten edukiak, antolatzeko erak eta jarduera irizpideak erabaki ahal izateko. Argazkian, ezkerrean, Algortako Txarli Gonzalez Eusko Abertzale Ekintzako idazkari nagusia gaurko aurkezpenean / © Ezkerretik Bilduz.

Proposamen hau gure hausnarketa batetik sortu da: gaurko krisialdi sistematiko eta Espainiar eta Frantzes estatuen joera antidemokratikoaren testuinguruan, ezinbestekoa dugula aldebakartasuneko talka politikoa eta ideologikoa suspertu, horrek bakarrik hurbildu gaitzakeelako gure helburu politiko eta sozioekonomioak lortzera.

Eztabaida abiatzeko, Zutik Euskal Herria eta Euskal Herria Ezkerretik agirietan azaltzen diren hainbat gogoeta proposatzen ditugu, uste osoa dugulako gogoeta horien garapenak gaur egungo testuinguruan gure burua antolatzeko eta jarduteko era egokiak aurkitzen lagunduko digula.

Zer proposatzen dugu?

Aipatutako eztabaidaren zabaltasunaren barnean, egokia deritzogu gure ustez derrigorrez garatu behar diren bi tresna mahai-gaineratzea:

1. Herritar Batasuna: Indar politiko, sindikal eta herri-mugimendu ezkertiar-aurrerakoien itun taktiko-estrategikoa. Honek ahalbidetuko luke militantzia konprometitua egituratzea, Euskal Herriko auzo edo herri orotan, eta modu asanblearioan. Trebakuntza tekniko-politiko sendoaren bidez, honek orain arteko Masa Numeriko haundia Masa Kritikoa bihurtuko luke, hauteskunde aukerak (Bildu, Amaiur, EHbai) zabaldutako ildoa sendotuz.

2. Gune Soberanista, Euskal Estatua mailaka egituratzeko tresna, erakunde hauekin osatu litekeena:

• Euskal Biltzar Nazionala: Alderdi, sindikatu, eta herri-mugimenduen bilgunea. Gune Soberanistaren ardatz estrategikoak ezarriko lituzke.

• Udalbiltza: Euskal Herria egituratzeko Erakunde Nazionala. Ordezkari instituzionalez osaturik, hainbat Lan Arlo sektorialatan antolatuko litzateke.

• Gune Eragilea: Gune Soberanistaren koordinazio eragilearen ardura bere gain hartuko luke.

• Gatazken Konponbiderako Talde Teknikoa: Beste erakundeekiko balizko elkarrizketa edo negoziazio prozezuetan Gunea ordezkatuko lukeen talde teknikoa.

• Besteak: Aholkularitzarako Kontseilu Nazionala, Independentziaren aldeko Mugimendua, Eskubide Zibil, Sozial eta Politikoen aldeko Mugimendua, Amnistiaren aldeko Mugimendua, Oroimen Istorikoa eta Errepresaliatuen aldeko Mugimendua.

• Erakunde guztien oinarrian herriz herriko edo auzoz auzoko “Gune”-aren Lan Taldeak egongo lirateke.

Nola egingo da eztabaida?

Egoeraren arabera moldatuko dugu, baina abian jartzeko Mintegi bat proposatzen dugu, Oreretan?/Araian? eta datorren larunbatean, martxoaren 24an?, egingo duguna. Haren xehetasunak prentsan eta gure blogean (zehaztuko duguna) plazaratuko ditugu, eta gai hauen ingurukoa izango da:

1. Aldebakarreko euskal estrategia nazionalaren definizioa (nortasuna, nazio eta klase konzientzia, erakundetze prozezua, talka eta desobedientzia, burujabetza, sozioekonomia).

2. Kapitalismoaren krisialdi sistematikoaren aurrean Euskal Herriko ezker alternatiboak eman beharreko erantzunak.

3. Demokrazia partehartzailean sakontzeko tresnak eta irizpideak, politikan, gizartean eta ekonomian.

4. Oroimen Historikoa, biktimak eta preso politikoak.

5. Ezker soberanistaren militantziaren trebakuntza tekniko-politikorako edukiak.

Nola hartu dezaket parte eztabaidan?

Aurrerantzean egingo ditugun deialdietan parte hartuz, gure blogaren bitartez (zehaztuko duguna), edo helbide elektroniko honetan: ezkerretikbilduz@gmail.com.

Mintegian parte hartzea irekia eta dohainik izango da. Hala ere, haren antolakuntza errezteko, bertaratzeko asmoa duzuen guztiok ezkerretikbilduz[abildua]gmail.com helbide elektronikoan aurretik baieztatzea eskertuko genuke.

Testuari eta ekimenari atxikimenduak: ezkerretikbilduz[abildua]gmail.com edo blog honetan: ezkerretikbilduz.blogspot.com

Aurkezpenaren bideoa (© Ezkerretik Bilduz)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun