Frantziako tribunalek orain bi aste euroagindua aplikatzea erabaki zuen. Pasa den ostegunean, Beristain hegazkinez eraman zuten Ainhoa Garcia Montero donostiarrarekin batera. Garcia espetxera bidali du gaur Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko 3. Instrukzio Aretoko epaileak. Beristaini dagokionez, Pablo Ruz 5. Aretoko epailearen aurretik igaro behar da gaur. Ruzek erabaki beharko du Beristain libre utzi edo espetxean sartuko duten. Algortarrari "ETAri laguntzea" leporatu nahi diote, erakunde armatuko kidea izatea ezin diotelako jada egotzi. Dagoeneko espetxe zigorra bete du delitu horregatik, Frantziako kartzeletan.
Iker Beristain Gutierrez 2007ko uztailaren 2an atxilotu zuten Paris inguruan Liher Rodriguez lekeitiarrarekin batera, eta ETAko faltsifikazio taldekoak izatea leporatu zieten biei. Azaroaren 17 eta 18an epaitu zuten algortarra, sei urteko kartzela zigorra ezarriz. Espainiako Gobernuak, baina, euroagindua aplikatzea eskatu zuen. Otsailaren 4an bukatu zuen Frantzian ezarritako espetxe zigorra.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.