Bizkaiko Foru Aldundiak astelehen honetan zabaldu du
Udalekuak 2012 programan izena emateko epea. Jolas eta heziketa egonaldien programa 7 eta 13 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dago. Guztira, 1.660 leku eskainiko dira 14 instalaziotan. Horietatik bi Uribe Kosta eskualdean daude: batetik, Bizkaia-Athletic izeneko jarduerak hartu ohi ditu Leioako Sarriena auzoko Askartza Claret (Atalaia) egoitzak; eta bestetik, Gorlizko hondartza ondoko aterpetxean ere egiten dituzte ekintzak. Aldundiaren Udalekuak 2012 programak bi modalitate ditu, euskarazkoa eta elebiduna, eta helburua da umeei gozatzeko eta autonomia pertsonala sendotzeko aukera emango dien jolaserako, ondo pasatzeko eta bizikidetzarako gune bat eskaintzea. Interesdunek martxoaren 23ra arte izango dute izena emateko epea, eta izena emateko edo informazioa lortzeko, Gazteria Zerbitzura jo daiteke, edo, bestela
www.gaztebizz.com/udalekuak webgunera sartu. Argazkian, Gorlizko aterpetxea / © Gaztebizz.