Musika talde berri bat sortzea eta aurrera ateratzea oso zaila da hainbat traba dagoelako bidean. Horri aurre egiteko,
Gazte Asanblada Sopeloztarrak (GAS) alokairu gabeko entsegu lokal bat irekitzea erabaki du. Hilabete batzuk lanean egon ondoren, ostiral honetan, martxoak 16, zabalduko dute. Hitzordua 19:00etan jarri dute, Sekeko gaztetxean. Argazki erakusketa eta pintxoez gain, Chalwa Band reggae musika taldearen eta Dementzia punk rock taldearen kontzertua entzungai izango da bertan, aurreratu dutenez. Bestalde, datorren hilabetean batzar bat egingo dute entsegu lokala erabili nahi duten taldeekin, guztien artean koordinaketa eta erabilera arauak finkatzeko asmoz. Interesatu guztiek
sopelakoga[abildua]gmail.com bidez jar daitezke harremanetan. Bitartean, GASek iragarri duenez, Sekeko gaztetxearen bigarren urteurreneko herri bazkarirako txartelak salgai daude jada: 8 euroren truke eskura daitezke, Plaza Beltza kulturgunean edo Sekekon bertan. Aipatu ospakizuna hilaren 31n izango da. Argazkian, Sekeko gaztetxea / © Gazte Asanblada Sopeloztarra.