Getxoko Udaltzaingoak hainbat mila euroko iruzurra egitea egotzi dio Bilboko 63 urteko emakumezko bati. Aipatu laguna dendetara jo eta Kanarietako tabakoa merke saltzeko eskaintza egiten omen zien dendakoei, udal iturriek zabaldu dutenez. Eskaintza sinesgarriago egiteko tabako gorriko zenbait pakete zeraman aldean. Tratua eginda, aurrerakina eskatu ondoren ez zen berriro bueltatzen, iruzurra erabat gauzatuz. Dendari batzuk hala eskatuta Udaltzaingoak abiatutako ikerketen barruan, poliziek pasa den ostiralean, hilak 9, atzeman zuten emakumea, Algortako denda baten barruan zegoela. Kalez jantzitako agenteek “eskaintza” bertako saltzaileari egiten ziola ikusi ei zuten eta horrek dirua ematen ziola haren truke. Une horretan aldean zeraman “amua” (tabako gorriko hainbat pakete) eta kontabilitate-liburua, non dendariek beraiek nahi zuten eskaera idazten zuten. Ohar horien bitartez zenbatu ahal izan da, gutxi gorabehera, iruzurra eurotan.