Leioako Bildu udal taldeak Pinosoloko proiektuarekin erlazionaturiko "gertaera larriak" publiko azalduko ditu asteazken honetarako deitutako asanblada irekian. Hitzordua 19:30ean jarri dute, Errekalde plazako nagusien etxean. Azken egunetan prentsan agertutako informazio larrien harira, herritarrak informatzea eta gertatzen ari denaren partaide egitea "erabat beharrezkotzat" jotzen dute independentistek. "Irregulartasunak, ikerketa batzordea,
proiektua bertan behera uztea, susmopean dauden enpresei 1,6 milioi euro ordaintzea?, PSE-EE eta PP fakturak ordaintzearen alde?, informazioa ezkutatzea, EAJ-EB Gobernu Taldearen gardentasun falta, eta abar, izango ditugu mintzagai", zehaztu dutenez. Bilduk gogoratu duenez, otsailaren 27an izandako Leioa Kirolak erakundearen Administrazio Batzordearen bilkuran, Pinosoloko proiektua agindutako enpresei —Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuak ikertuak— 1.629.326 eurotara heltzen ziren fakturen ordainketa geldiaraztea lortu zuten. "Bilduko zinegotziek egindako informazio eskari baten ondorioz gertatu zen. Eskari honek alkateak eskutatu informazioa argitara ematea lortu zuen", adierazi dutenez. Leioako Bilduk proiektua bertan behera ustea, inolako fakturarik ez ordaintzea eta ikerketa batzordea martxan jartzea exijitu zuen batzarrean. Argazkian, Torresoloko igerilekuak / ©
Leioako Udala.