Gauzain bezala 12 lagun arituko dira koordinatzaile baten laguntzarekin. Pertsona horiek informazio zerbitzua emango dute, Udala eta herritarren arteko harremana estutzeko. "Udaltzaingoarekin koordinatuta, langileek udal informazioa emango diete herritarrei eta beste lan batzuk ere egingo dituzte: adibidez, herriko ondarea zaintzea, gertakarien berri ematea, udal kanpainen zabalkundean parte hartu, eta nola ez, herritarren kezka, kexa eta iradokizunak udal arduradunei helaraztea", zehaztu dutenez.
Pertsona nagusien zaintzaileak
Beste 10 lagun, koordinatzaile baten laguntzarekin, pertsona nagusien laguntzaile eta jagole bezala arituko dira. Herrian diren pertsona nagusiei laguntza emango diete etxez etxe. Zereginen artean adibidez, medikura laguntzea, erosketak egitea, solasaldiak izatea... Horrekin lotuta, beste lau lagunek ikerketa berezia jarriko dute martxan, bakardadea, dependentzia eta deserrotzea jasaten duten 65 urtetik gorako pertsonen artean. Udal arduradunen araberam "ikerketa honetan agertuko diren datuak oso baliagarriak izango dira Leioako Gizarte Zerbitzuetarako, dependentzia duten pertsona hauei zuzendutako ekintzak eta zerbitzuak moldatzeko, beharrizanen arabera".
Enpresa arloa
Enpresa arloaz arduratzen diren langileen artean atal bi bereizi behar dira: alde batetik, lagun bik Leioako enpresa guztien eguneratutako datu base bat sortuko dute, horien arteko harremana sendotzeko, baita Udalarekikoa ere. Bestalde, beste pertsona lau, gehi koordinatzaile bat, ekonomikoki menpekoak diren langile autonomoei beharrezko zaien erregulazioaren informazioaz arduratuko dira. "Leioan hainbat pertsona daude egoera honetan, langile talde honen barruan daudenak baina euren lan legeria ez dutenak ezagutzen. Kontratatutako pertsona hauen helburua lan legeri honetaz beharrezko informazioa ematea da, eta langile hauek behar bezalako informazioa izan dezaten", azaldu dute Udaletik.