Demokrazia Hiru Milioi (D3M) hautesle plataformarekin eta Askatasuna alderdi politikoarekin lotutako hamahiru lagunen kontrako epaiketa salatzeko, larunbat honetan, hilak 17, prentsaurreko jendetsua izango da,
Bilboko Branka agerkari digitalak aurreratu duenez. Hitzordua 12:00etan jarri dute Arriaga plazan, “Epaiketa politikorik, ez!” lemapean. Epaiketa apirilaren 30ean hasiko da eta, besteak beste, auziperatuen artean dira Iker Rodrigo lutxanarra, Eli Zubiaga algortarra eta Arantza Urkaregi Leioa eta Erandioko campuseko irakasle bilbotarra.
2009ko irailean auzipetu zituen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, "ETAko kide izatea edo erakunde armatua laguntzea" egotzita. Urte hartako martxoan D3Mk eta Askatasunak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu nahi izan zuten, baina Auzitegi Gorenak baliogabe utzi zituen, Batasuna legez kanpoko alderdiarekin harremana zutelakoan. Fiskalak
9 urteko espetxe zigorra eskatzen du Rodrigo, Zubiaga eta Urkaregirentzat. Argazkian, orduko atxiloketak salatzeko manifestazioa Algortan.