Agerraldi horretan, "orain arte ezagutu dugun metro sistema suntsitu" nahi izatea leporatu zion Metro Bilbaoko zuzendaritzari greba batzordeak. ELA, LAB, CIM, UGT eta ESK sindikatuen iritziz, "modu interesatuan" murrizten ari da zuzendaritza tren eta geltokietako zerbitzua. "Gero eta tren gutxiago dabil, ez da errefortzurik jartzen partida, manifestazio eta ekitaldi berezietarako, geltoki askotan ez da inor aritzen asteburuetan eta gero eta jende gutxiago jartzen ari dira zerbitzua emateko. Bizkaitarrok orain arte izan dugun metro-sistema suntsitu nahi dute, orain artekoa behin betiko amaitzeko modua lantzen ari dira, eta horretarako absentismoa bezalako aitzakia merkeak bilatzen dituzte", salatu zutenez. Gauzak horrela, egoera salatu zein langileekin elkartasuna agertu nahi dutenei gonbita egin diete martxoaren 24rako Bilbon deitu duten manifestaziora joateko. 17:30ean abiatuko da, Plaza Eliptikotik.
Epaiketa bihar
Bitartean, bihar, goizeko 9:30ean izango da zuzendaritzak lantaldea osatzeko moduari buruz jarri duen demanda aztertzeko epaiketa Bilbon. "Zuzendaritzak erabat 'sálvame de luxe' estiloan antolatu duen epaiketa horretan auziaren bost puntuetako bakarra soilik ebatziko da. Horregatik, greba batzordeak argi utzi nahi du emaitza dena delarik ere ez duela konponbidea ekarriko. Irtenbidea hitzarmen kolektiboa eta barruko araudia zorrozki betetzetik etorriko da", adierazi dute sindikatuek.