Eskualdeko lehenengo ur-azpiegiturak ezagutzeko berbatxangoa prestatu dute iganderako Aitxu!, Egizu! eta Berbots euskara taldeek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko mar. 15a, 12:30

Igande honetan, martxoak 18, urteko lehen txangoa izango dute Uribe Kosta eta Erandioko berbalagunek. Oraingo honetan eskualdeko lehenengo ur-azpiegiturez hitz egingo dugu Ainara Martinez Matia Artearen Historian doktoreak, eta hiru leku bisitatuko dituzte, autobusez: Tartangako latsarria Erandion, malakateak Getxon, eta urtegi zaharra Plentzian. Garraioa goizeko 9etan abiatuko da Sopelako eliza aurretik, Algortako Telepizza jatetxean (09:15) eta Erandioko gasolinoan (09:30) ere geldialdiak eginez. Autobusa 3 eurotan izango da helduentzat eta dohainik umeentzat. Horrenbestez, aldez aurretik eman beharko da izena Sopelan (aitxuizuba[abildua]gmail.com / 674 829 618), Erandion (berbots[abildua]gmail.com) edo Getxon (www.egizu.org / 619 935 541). Gainera, ez dago zertan ogitartekorik eraman behar, mokadua ere eskainiko baitute. Argazkian, Egizu!-ko hainbat berbalagun Baltzolan egindako txango batean / cc-by Egizu.

Berbots Erandion Euskaraz! batu zaie berbatxangoen antolaketan, Egizu Getxo Euskaldun! eta Sopelako Aitxu! taldeei. Irteeretan edozein euskaldunek har dezake parte. "Helburuak dira Sopela, Erandio eta Getxoko euskaldunok elkar ezagutzea, berbalagunon arteko zubiak eraikitzea, eta eskualdean dugun ondareaz jabetzea (naturala, historikoa, arkitektonikoa, kulturala…) beti ere euskararen bidetik", azaldu dutenez.

Baina, bestelako ekintzak ere prest dituzte hurrengo egunetarako eskualdeko euskara taldeek.

Aitxu!

- Martxoak 23, ostirala. Euskal erromeria

19:30ean jarri dute hitzordua, Larrabasterrako Urgitxieta plazan. Bertan, dantzaldi gidatua egingo dute. Ekimen horrekin euskal kultura kalera ateratzeaz gain, euskara erabiltzeko eremuak zabaldu nahi dituzte.

Berbalamiñe

- Martxoak 23, ostirala. Kantu afaria

19:30etik aurrera, Oxabi taldearen musikarekin poteoa egingo dute Xcaret tabernatik hasita. Eztarriak berotzeko onena! 21:30ean, berriz, kantu afaria izango dute Betiko ikastolan. Txartelak salgai jarri dituzte ohiko lekuetan. Afaria 20 euroan egongo da eta Berbalamiñeko bazkideentzat 18 euroan. Parte hartu nahi duten guztiek ondoko helbide elektronikora bidal dezakete mezua: berbalamine[abildua]yahoo.es.

Berbots Erandion Euskaraz!

- Martxoak 16, ostirala. Laburbira

19:30 Topagunearen film laburren zirkuitua. David Zabala zuzendaria osteko solasaldian izango da, Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean.

- Martxoak 24, larunbata. Abaltzisketako Zalbide sagardotegira

Irteteko ordua: 11:00etan gasolinoan. Itzultzekoa: 00:00etan Hernanitik. 35 eurotan (bidaia eta bazkaria); eta berboskidea edo berbalaguna izanda 30 euro. Izena emateko (aldez aurretik ordaindu behar da, eta jakina, adin txikikoa ezin da izan) Altzagako La Plaza tabernara (San jeronimo 14) jo behar duzue.

- Apirilak 1, igandea. Kanpomartxo Enekurin

11:30 Jai hasiera dantzariekin.
13:00 Mendibaiarte abesbatza.
13:30 Bertsolariak: Xabi eta Fredi Paya.
14:30 Herri bazkaria.
17:00 Betiko kantuak trikiaz alaitua.
17:30 Erromeria umeentzat : “Txanogorritxu rock”.
18:00 Dantzaldia Luhartz taldearekin.
...eta egun osoan zehar:
Umeentzako arku jaurtiketa, gazteluak, tirolina, jokoak,tailerrak (karetagintza, aurpegi margotzea, globoflexia), sorpresak...
Txosna, musika, taloa.

Egizu Getxo Euskaldun!

- Martxoak 16, ostirala

sOrtua proiektuan izena emateko azken eguna. Ortu ekologiko baten inguruan euskaldunok elkartzeko proiektua da.

- Martxoak 17, larunbata

9:00 Bizikleta-irteera: Barakaldoko Agate Deunara, Fadurako kiroldegitik irtenda. 40 kilometroko ibilbidea.

9:00 Mendi-irteera, Fadurako parkinetik irtenda (plan aldaketa egon da). Arrabako mendietan ibilbide zirkularra egingo dute, Pagomakurretik abiatuta. Egun osoko irteera.

18:00 Tupper-sex saioa. Neskentzat antolatzen ari dira eta, parte hartzeko, aldez aurretik izena eman (619 935 541) beharko da. Hala ere, mutilak ere interesatuta egonez gero, beste bat antolatzeko prest agertu dira. Bigarren hori mistoa. Lehenengo saioa Itxas Argiako lagunen txokoan izango da (Iturribide kalea 24A, Getxo), Malakate plazan, Geroa ikastolatik hurbil. Salneurriari dagokionez, 6 euro ordaindu beharko dituzte berbalagunek zein Bizarra Lepoan euskara elkarteko bazkideek; eta 8 euro gainontzekoek. Merienda egiteko aukera ere planteatu dute, bakoitzak jan edo edateko zer edo zer eramaten badu.

- Martxoaren 20tik aurrera

"Olgetan euskaraz" proiektuaren 3 eta 4 urteko ume eta gurasoentzako taldeak prest dituzte martxoaren 20tik aurrera hasteko, San Nikolas ikastolan, Zabala ikastetxean eta Romo ikastetxean. Astearte, asteazken eta ostegun arratsaldeetan, umeekin batera euskaraz jolastu, kantatu eta gozatzeko. Interesatuta daudenek mezu bat bidali sendigetxo[abildua]yahoo.com helbidera edo telefonoz deitu Landerri: 685 73 29 63 zenbakira.

- Martxoak 28, asteazkena

20:00 "Beste norbaiten zapatak" ipuin liburuaz solasaldia Algortako Aldai patronatuan. Garazi Kamio idazlea joango zaie Uribe Kostako irakurzaleen txokora.

- Martxoak 31, larunbata

20:00 "Hil arte bizi" antzezlana Areetako Andres Isasi musika-eskolan. Getxoko Kultur Etxeko lagunek eskaintza berezia egin diete berbalagun getxoztarrei . Sarrerak batera erosiz gero, 5 eurotan lortu ahal dituzte, martxoaren 29ra (osteguna) bitartean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun