Getxoko eskolako “Dordoka la contracorriente” taldeak sortu eta koordinatutako herri antzerki proiektua da. Aktore profesionalek, herriko elkarteek eta norbanakoek parte hartuko dute. "Beraiez eta bizi diren tokiaz hitz egiten den espektakulua osatzen dute", nabarmendu du Iurrek. Aipatu duenez, "Berangoko emakume horietako batzuen lorpenetan oinarritu da". "Gure iraganaz ari den istorio bat sortu dugu, urte horietako laino zerratuan harrapatuta gera zitezkeen emakumeez: 70eko hamarkadako lehenengo urteez, hain zuzen. Baina, gogor ekinez, ura garraiatuz, kilometroak ibiliz eta amestuz, burua lainoaren artetik atera eta bizitzea lortu zuten. Indarrez, ilusioz, ikasteko gogoz, bizitzea letra larriz".
Gainontzeko ekitaldiak
Hala ere, askoz ekitaldi gehiago hartuko dituzte hilaren 3an abiatu ziren Emakumeen Jardunaldiek. Proiekzioak, eztabaidak, kontzertuak, ipuin kontalariak, eta abar izango dira. Besteak beste, La Kantoria Leioako Musika Eskolako gazteen taldeak kontzertua emango du martxoaren 24an, Berango Antzokian. Hurrengo egunean, "Klik klak” ipuin kontalari saio dibertigarria eskainiko du Apika taldeak. Programazioari hilaren 31n emango diote bukaera, Yoshie Sakai-ren Japoniako musika tradizionalaren errezitaldiaren bitartez. "Koto" tresna joko du Europa osoan kontzertuak eman dituen emakumeak.