Larunbat honetan, martxoak 17, ez ohiko maratoia burutzen saiatuko dira Bizkaiko Zubiko goiko igarobidetik Jon Salvador lasterkari erandiotarrak eta Javier Conde Basauriko paralinpiar atletak. 42.195 metro osatzeko, 145 itzuli eman beharko dituzte bi korrikalariek, 144 metro eta 13 zentimetroko luzera daukan pasagunetik. Saiakera goizeko 9etan hasi eta 13:00ak aldera bukatuko da, aurreikusitakoa betez gero. Lasterketa Areetaratz hasiko dute eta gero Portugalete aldera itzuliko dira, eta hortik alde batetik bestera amaitu arte.
Elkartasun Maratoien Elkarteak horrelako probak egin ohi ditu, ongintzazko elkarteentzat zein gizarte ekintzetarako dirua biltzeko. Orotara, 28 elkartasun maratoi egingo ditu Condek, horiek guztiak Joko Olinpikoak ala Paralinpiarrak hartu dituzten hirietan. Horietatik 14 burutu ditu jada. Aurten Londresera joango da apirilean, Helsinkira abuztuan eta Moskura irailean. Unai Basurko nabigatzaile portugaletetarrak ere babesa emango dio biharko ekimenari, maratoia iraun bitartean Bizkaiko Zubiaren azpitik igaroz. Argazkian, Jon Salvador korrikalari eta ertzain erandioztarra.