Jalgi Hadi Garaipenera dinamikaren baitan, iristear da aurtengo Gazte Martxa. Testuinguru berezian gainera, nafar konkistaren 500. urteurrena baita aurten. Hori ahaztu gabe, apirilaren 6tik 7ra Saratik Lesakarako bidea egingo dute Euskal Herriko hainbat gaztek, "herri honen aldarrikapenak ahoz aho, eskuz esku eta pausuz pausu zabalduz". Apirilaren 8an, berriz, Iruñean izango dira, Aberri Egunean. Uribe Kosta aldera etorriz, Gazta Martxaren inguruko ekimen ugari izango dira egunotan. Besteak beste, "Gazte botereaz garaipena!" lelopean, hiru ekitaldi antolatu dituzte Itzubaltzeta / Romoko gazte independentistek. Batetik, igande honetan, martxoak 18, "Manual para fabricar un terrorista" dokumentalari buruzko bideo-foruma izango da, 19:30ean hasita. Asteazkenean, berriz, Nafarroako Erresumari buruzko hitzaldia eskainiko dute, 19:00etan. Eta azkenik, ostiralean, bertso-afaria izango da, 7 euroren truke. Branka herriko tabernan izango dira jarduera guztiak. Argazkian, ostegunean aurkeztu zuten Gazte Martxaren egitaraua Lesakan / © Jalgi Hadi Garaipenera.