Baliteke Kitxu preso itzubaltzetarra berriro ama gaixoa bisitatzera eramatea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko mar. 20a, 10:37

2010eko urriaren 22ko "egun ilunean" Itzubaltzeta / Romon "haserrearen plaza" izandako Santa Eugenia, "askatasunarena" bilakatu zuten larunbatean dozenaka gizon-emakumek. Euskal Presoak Euskal Herrira Egunaren baitan, otsailaren 27an espetxetik ateratako Imanol Beristain Gutierrez "Lolo" 29 urteko preso politiko ohi itzubaltzetarra ongi etorri beroa eskaini zioten bertan eskualde osotik heldutako 340 bat lagunek. Hain zuzen ere, ekitaldia bukatzear zela jakinarazi zuen tokiko herri bilguneak, egun Itzubaltzetako preso politiko bakarra Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" Araba aldeko Zaballa espetxera aldatu dutela. Joan den urriaren 14an gertatu bezala, "seguruenik, larri gaixorik dagoen ama bisitatzeko aukera izango du", adierazi zutenez. Gauzak horrela, "adi egoteko" eskatu diete herrikideei. Argazkian, Imanol Beristain "Lolo" txapela jantzita, larunbateko ongi etorrian.

San Jose elizaren atean kokatutako Ertzaintzaren patruilaren zaintzapean egin zioten ongi etorria larunbatean Imanol Beristaini. Hala ere, ez zen gorabeherarik espero eta ez zen egon. Bada, zehaztutako orduan eman zioten hasiera ekitaldiari: adar hotsak eta txalaparta doinuak entzunda gerturatu ziren eszenatoki ingurura Santa Eugenira hurbildutako herritarrak. Eguneko protagonista Lolo agudo deitu zuten agertokira, "askatasunaren txapela" jantzita, bildutakoen txalo zaparrada jasotzeko. Beristainen emaztea eta hura kartzelan zela jaiotako alaba ere ez zituzten ahaztu nahi izan. Biek jaso zuten "besarkada beroa", sakabanaketak eragiten duen "desgaste eta amesgaiztoen" aurrean erakutsitako "duintasunagatik". Bertso eta agur dantza artean, berriz, ia dozena bat eragileren ordezkariek igo zituzten eszenatokiko eskailerak, Imanoli ongi etorria egin eta opari bana emateko asmoz: Itzubaltzetako Gazte Independentistak, Herritar Batasuna, Itzubaltzeta gaztetxea, Itzubaltzetako Emakumeen Asanblada, LZParen Kontrako Asanblada, Etxerat, Alcala espetxeko kide eta lagunak, Itzubaltzetako Herrira, Imanol Beristainen koadrila, Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako Jai Batzordea, koadrilak... guztiek azaleratu nahi izan zuten euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxeratzeko beharra. Bereziki, egun bertoko preso bakarra den Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu". Ondoren, manifestazioa, herri bazkaria eta bestelakoak izan ziren.

460 egun preso

Beristainek otsailaren 27ko arratsaldeko 8:20ak pasatuta zeharkatu zuen Madrilgo Alcala espetxeko atea. Bertan izan zituen zain herritik joandako gertukoak. Horiek guztiak, dena den, identifikatu eta hainbat denbora erretenitu zituzten polizia-kontrol batean. Beristainen senideek 30.000 euroko fidantza ordaindu behar izan zuten. Bi aste lehenago behin-behineko askatasunerako bista izan zuen preso itzubaltzetarrak. Beristain 2010eko urriaren 22an atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Fernando Grande Marlaska epaileak Segiko Ipar Uribeko arduraduna izatea leporatu ziola. Bost egun beranduago, itzubaltzetarrak tratu txar fisiko zein psikologikoak pairatu zituela salatu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Besteak beste, poltsa, kolpeak eta mehatxuen berri eman zuen. Harrez gero, prebentibo egoeran izan zuten Alcala espetxean.

Kartzelan egon zen bitartean, alaba izan zuen Imanolek, atera arte aurrez aurreko bisitetan baino ez zuena ikusi. Beristainen egoera salatzeko makina bat mobilizazio egin zuten bere herrikideek zein Algortako San Nikolas ikastolako lankideek, tartean Itzubaltzeta / Romoko hiru auzokidek 5.000 eurotako isuna ordaindu behar izan zuten, Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak haien aurkako zenbait salaketa jarri ondoren.

Euskal Presoak Euskal Herrira Egunari buruzko bideoa (cc-by Koska kolektiboa)



Euskal Presoak Euskal Herrira Eguna argazkitan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun