Epaiketa politikoen aurkako manifestazio nazionalera deitu du Eleak taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko mar. 20a, 12:10

D3M hautesle elkarteko eta Askatasunaren aurkako epaiketa apirilaren 30ean hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean. Aurreikuspenen arabera, maiatzaren 18ra arte luzatuko da. Eleak taldeak deituta, horren kontrako manifestazio nazionala egingo da maiatzaren 5ean Bilbon, "Eskubide guztiak proiektu guztientzat. Epaiketa politikorik ez!" lelopean. Manifestazioaren berri emateko larunbatean Bilbon egindako agerraldian, Eleak mugimenduko kideekin eta dozenaka herritarrekin batera, D3Mko eta Askatasuneko auzipetuetako batzuk izan ziren. Besteak beste, horien artean dira Iker Rodrigo lutxanarra, Eli Zubiaga algortarra eta Arantza Urkaregi Leioa eta Erandioko campuseko irakasle bilbotarra. 2009ko irailean auzipetu zituen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, "ETAko kide izatea edo erakunde armatua laguntzea" egotzita. Fiskalak 9 urteko espetxe zigorra eskatzen du hirurentzat. Argazkian, orduko atxiloketak salatzeko manifestazioa Algortan.

Iker Rodrigo, Eli Zubiaga, Arantza Urkaregi eta beste bost herritar 2009ko urtarrilaren 23an atxilotu zituen Espainiako Poliziak, D3Mren aurkako operazioan. Urte hartako martxoan D3Mk eta Askatasunak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu nahi izan zuten, baina Auzitegi Gorenak baliogabe utzi zituen, Batasuna legez kanpoko alderdiarekin harremana zutelakoan. Zortzi herritarrak 2010eko martxoaren bukaeran atera ziren kartzelatik.

Mobilizazioak herrietan

Datozen asteotan epaiketaren aurkako mobilizazioak izango dira hainbat herritan, eta Eleak taldeak jakinarazi du herri batzordeak sortuko dituztela, auzipetuen egoera azaleratu eta eskubide zibil eta politikoen esparruan lan egiteko. Herri batzordeak osatzeko informaziorik nahi izanez gero, herrimatrioska[abildua]gmail.com helbidera idatzita eska daiteke.

Eleak mugimendua Twitter-en eta Facebook-en.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun