Duela bi hilabete zendutako Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi gogoan izan zuten Donostian bildutakoek. "Argi zeukan bere lurraldean beharrezkoa ez den hizkuntza oro desagertu egiten dela eta hori ez gertatzeko euskarak lehentasunezko estatusa behar duela bere lurralde osoan", adierazi zuen Lamarainek. EHEko kidearen hitzetan, "Euskararen beharrezkotasuna ukatzen duten legeek hizkuntzaren desagerpena daramate".
Jaia eta aldarrikapena egun osoan zehar
Ekitaldi nagusia arratsaldeko manifestazioa izan bazen ere, jarduerak egun osoan luzatu ziren. Hasteko, goizeko 11etan, txupinazoa bota zuten Trinitate plazan eta jarraian kalejira izan zen Bonberenea Txarangak eta Porrotx pailazoak animatuta. Alde Zaharreko kaleetan, puzgailuek, haurrentzako tailerrek, azokak, kale-animazioak eta kantu-jirak, besteak beste, osatu zuten goiza. Eguerdian, Konstituzio plazan, ehunka pertsonentzako herri bazkaria egon zen, eguraldiak lagundu ez arren. Iluntzean, festari amaiera emateko, kontzertuak izan ziren Trinitate plazan ipinitako eszenatoki handian. Skakeitan, 3gabe2 eta Betagarri taldeak aritu ziren.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.