ELAk, LABek eta EILASek mobilizazioak iragarri dituzte hilaren 21, 22 eta 23rako Hego Euskal Herriko erakunde publikoetan. Egoera "oso larria" dela azpimarratu dute sindikatuetako kideek, eta alor publikoan espero diren murrizketak "gizartearen kontrako neurri onartezinak" direla adierazi dute. Gainera, martxoaren 29ko greba orokorra jarraitzeko eskatu diete herritarrei. Sindikatuen lekukoa hartuz, ostiralerako deitu dute manifestazioa Berango, Sopela, Urduliz, Barrika, Plentzia, Gorliz eta Lemoizko greba batzordeek. Justizia sozialaren alde eta eskubide sozialen murrizketen kontra, iluntzeko zortzietan jarri dute hitzordua, Piruli plazatxo plentziarrean. Besteak beste, Berangotik kotxe karabanan joango dira Plentziaraino, 19:00etan Miliatik abiatuta. Argazkian, Ertzaintza eta informazio-pikete bateko kideak Sopelan, 2011ko urtarrilaren 27ko greba egunean.