Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratzeari uko egin diote gaur Irantzu Gallastegi preso politiko berangoztarrak eta bere bikotekide Xabier Garcia Gaztelu "Txapote" galdakoztarrak. 1997ko urtarrilaren 30ean, Donostian, Eugenio Olaziregi bizikleta denda bateko langilearen hilketan parte hartzea leporatzen diete biei.
Europa Press albiste agentziak zabaldutakoaren arabera, "Herri Batasunaren inguruak bere garaian justifikatu zuenez, aipatu dendariak ohartarazi zuen Ertzaintza, Valentin Lasarte atxilo zezan". Jesus Alonso fiskalak eskatu zuen ikerketa berriro zabaltzea, polizia iturriek diotenez, Javier Gomez Elosegui espetxeko psikologoa hiltzeko pistola berbera erabili zutelako Olaziregiren aurka. Eloseguiren ustezko hiltzaile Fernando Elejaldek deklaratu omen zuen arma Gallastegik eta Garcia Gazteluk eman ziotela. Gaur, ordea, hori gezurtatu du Elejaldek, deklarazio horiek torturen eraginpean egin zituela esanez. Argazkian, presoen aldeko ekimena Berangon.