Igande honetan, martxoak 25, izango da Sopelako Herri Krosaren hamargarren edizioa. Munarri Atletismo Taldea da lasterketaren antolatzailea eta Sopelako Udalaren laguntza ere badauka. Aurreko urteetan legez, parte-hartze handia espero dute antolatzaileek; mila korrikalari baino gehiago, hain zuzen ere. Erdia umeen kategorian eta beste erdia federatuen kategorian. Goizeko 10:30ean prebenjaminak hasiko dira, eta 11:30ak arte, hamar minutuko tarteetan, beste kategorietako atletak abiatuko dira: benjaminak, kimuak, haurrak, gazteak, kadeteak eta seniorrak. Horrenbestez, ostegun honetara arte egongo da zabalik izena emateko epea ondoko lekuetan: Sopelako Kurtzio Kultur Etxea (Mendieta 11), 18:00etatik 20:00etara; Algortako Kantxa Kirol Moda (Torrene 4); eta Bilboko Bikila Kirolak (Euskalduna 7). Munarri elkartearen helbide elektronikoaren (
munarriat[abildua]hispavista.com) bidez, ordea, ostiralera arte egongo da aukera. Argazkian, duatloia ere egin ohi dute Sopelan, oraingo honetan Hirubi Triatloi Elkarteak antolatuta / © Sopelako Udala.