Duela ia bi hamarkadatik hona urtero egiten duen bezala, martxoaren 22, 23, 24 eta 25ean hondartzak garbitzeko ekimenak jarriko ditu martxan
Surfrider Foundation Europa elkarteak. Gaur egun, 1.200 garbiketa egiten dira eta mundu osoko 42.000 pertsonek parte hartzen dute ekimen horietan. Hain zuzen ere, Surfriderren laguntza izango du
Pakea Bizkaia elkarteak Algortako Ereaga hondartzan
Itsas Ekimena gauzatzeko. Ekitaldiak bi egun hartuko ditu: ostiralean, hilak 23, Bilboko Begoñazpi ikastola, Itzubaltzeta / Romoko Gobela Ikastola eta Getxoko Aixerrota institutuko 150 bat ikaslek parte hartuko dute. Igandeko garbiketa, berriz, 11:00etan hasiko da eta edonork parte har dezake. Hondartzako hondakinak jasotzeaz gain, urpekari edo piraguista moduan ere parte har daiteke, Pakea Bizkaiak zehaztu duenez. Horrela nahi izatekotan, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea
info[abildua]pakeabizkaia.com helbidera mezu bat bidaliz. Bitartean, larunbatean ere izango dira garbiketa saioak eskualdean, beste hainbat eragileren ekimenez: Barinatxe (Getxo / Sopela) hondartzan 10:00etan jarri dute hitzordua; eta Atxabiribilen (Sopela) 11:00etan. Argazkian, hainbat lagun Barinatxe hondartza garbitzen, artxiboko irudian.