Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak bilera bat eskatu dio Angel Yuste Espetxeetarako Zuzendaritzako idazkari nagusiari, Espainiako kartzeletan dauden euskal presoek unibertsitatean ikasketak egin ahal izateko akordio bat lortzeko helburuarekin. Isabel Celaa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak eman zuen horren berri joan den ostiraleko Eusko Legebiltzarreko kontrol saion, Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak egindako interpelazioari erantzunez,
Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EHUri
unibertsitate gisa duen autonomia aitortu zion iaz, eta, irakaskuntza, ikaskuntza eta ikerkuntza garatzeko beharrezko duen askatasunaren izenean, ikasketak nola kudeatu erabakitzeko ahalmena duela ebatzi zuen. Ondorioz, euskal presoek EHUn ikasteko aukera dute berriz, nahiz eta, praktikan, Espainiako Estatutik kanpoko kartzeletan daudenei soilik eragiten dien erabakiak. Espainiako kartzeletan daudenek ikasketak egin ahal izateko, beharrezkoa da Espetxeetarako Zuzendaritzarekin akordio bat egitea, eta, hark orain arte uko egin dio EHUrekin hitzarmenik egiteari. Argazkian, 2009ko abenduaren 16an, euskal presoek EHUn ikasteko eskubidea dutela aldarrikatu zuten Leioa eta Erandioko campusean.