Ehizari buruzko 2011ko martxoaren 17ko 2/2011 Legean jasotzen dira segurtasun-eremuen nondik norakoak. Horren arabera, esparruok zera dira: pertsonak eta haien ondasunak babesteko neurriak behar dituzten lurrak. Segurtasun-eremuetan debekatuta dago armekin ehizatzea, salbu Bizkaiko Foru Aldundiak onartzen dituen eta dagoeneko ezarrita dauden ehiza-postu finkoetan. Ez da hau, ordea kasua. Dena dela, ezin da, oro har, segurtasun-eremuetarantz tirorik egin.
2008ko azaroan inauguratu zuten Arboretuma, eta 14 hektarea hartzen ditu, guztira, EHUren Leioa eta Erandioko campusean. Dena dela, zenbait aldetan banaturik dago eta 3 kilometroko errepide eta bide-sare batek lotzen ditu aldeok. Leioa, Erandio eta unibertsitatearen beraren instalazioak ditu mugakide, eta hainbat erabilera ditu: publikoa, zientifikoa eta akademikoa. Guztira, 130 barietatetako 1.700 zuhaitz daude Arboretumaren hiru guneetan; baita 600 zuhaixka, azalea sailak, errododendroak eta arrosa landareak ere. Gainera, herritar guztiek dute sarbidea. Hala, Arboretum “Autoktonoa” deritzonak, esaterako, EAEko habitat naturalak jasotzen ditu. "Asia eta Ekialdea” deritzona, berriz, gurearen antzeko klima duten beste lurralde batzuetako espezieak biltzen ditu. Eta, azkenik, "Produktiboa" delakoan, egurra egiteko zein janaritarako espezieak daude.
Lankidetza hitzarmena
Gunearen egonkortasuna eta heldutasuna bere horretan iraunarazteko asmoz egin zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak lankidetza-hitzarmena eta, horri esker, beste zenbait hobekuntza ere etorri zaizkio: hobetu egin dira hango zelaiak, azpiegitura-lanak egin dira (urak biltzeko sistema, kutxatilak, ureztatze sistemaren ikuskapena, arekak…) eta, gainera, lehen zuen baino balio handiagoa eman diote han askatu dituzten animaliek. "Merezi du aipatzea Bizkaiko Fauna Basatia Sendatzeko Zentroan jaso eta oneratutako animaliak izan direla, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gorlizko zentroan sendatutakoak, gaineratu dute foru arduradunek.
Irene Pardo Nekazaritza diputatuaren hitzetan, "Mundua gero eta hiritarragoa dugun gariotan, zuhaitzek beste betekizun bat izan behar dute hirietan, eta horrexegatik jarraitzen dugu zuhaitzei merezi duten kudeaketa eta babesa ematen". “Gerriko berde” esaten zaien horiek "zeregin garrantzitsua dute animalien habitat gisa, eta Arboretuma laborategi bizidun moduko bat da, ingurumen oso baliagarria. Horrez gainera, hiriko biztanleen eta basoen artean dagoen arrakala murrizten laguntzen du”, amaitu duenez.