Leioako Sarriena auzoko Askartza Claret ikastetxeko Atalaia egoitzan egin ohi diren
udalekuak aurrera eramateko, hitzarmena izenpetu berri dute
Bizkaiko Foru Aldundiak eta
Athletic Club taldeak. Egonaldiak uztailaren 21etik 30era bitartean izango dira. Orotara, 12 eta 13 urteko ehun neska-mutilentzako tokia egongo da. Batez ere, kirolen inguruko jarduerak egingo dituzte. Baina, horretaz gain, tailerrak, gau jaialdiak eta ibilaldiak izango dituzte gazteek. Udaleku horietan parte hartzen duten neska-mutilek, gainera, aukera izango dute Athletic-eko lehen mailako jokalariekin hitz egiteko: bai gizonezkoen taldeko kideekin, bai nesken taldekoekin. Bizkaiko Foru Aldundiak 76.356 euroko diru-laguntza emango du udalekuon finantziaziorako. Argazkian, hainbat nerabe Athleticzale 2009an, Valentzian jokatutako Koparen finala Algortako Telletxe plazan ikusten.