Azken hilabeteetan ibilgailu ugari agertu da leihoak apurtuta Getxo udalerrian. Hori dela eta, argibideak emateko asmoz, atzoko Presidentetza batzordera Udaltzaingoaren nagusia agertzea eskatu zuen Marisa Arrue tokiko popularren bozeramaileak. Polizien burua, ordea, ez zen agertu. Hori dela, "ohi bezala eta, bereziki, auzokideen artean alarma piztu duen kasu hauetan, alderdi politikoei ematen dien informazioa mugatzea" egotzi dio Getxoko PPk EAJri. Arrueren hitzetan, "arduradun nagusia bera dela eta galderei erantzutea berari dagokiola izan zen Herri Babes zinegotziak eman zigun erantzun bakarra". "Leiho apurtzaile" ezizenez ezaguna, otsailaren 10tik 22ra bitartean, 47 auto kaltetu zituen ezezagun batek, Arruek berak emandako datuen arabera. Martxoaren 11n, berriz, besoan zauria zeukan 21 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Areetan. Mutilak eraso egin zutela esan arren, auto bateko kristala apurtzen saiatzean zauritu zela dio Udaltzaingoak. Hala ere, bi ibilgailu kaltetzea baino ez diote leporatzen, "berak aitortutakoan oinarrituta". Beste auzi guztiak artxibatu egin dituzte, "frogarik ez dagoelako".