Plazaratutako datuen arabera, batzarretan 170 auzokidek parte hartu zuten eta 385 inkesta jaso ziren. "Beraz, sopeloztarrek beraien iritzi eta proposamenak jakinarazteko aukera izan dute lehendabiziko aldiz; baita aurrekontuak egiteko prozesuan parte hartzeko ere. Ondorioz, tokiko gobernuak prestatutako aurrekontu-proposamena auzokideek egindako ekarpenetan oinarritu da", adierazi dute udal iturriek. Harira etorriz, inbertsioetara 1,8 milioi euro bideratuko dituzte. Lan nagusiak bi izango dira: Gernika plaza oinezkoentzat egokitu eta Iberren igogailua eraiki. Etxebizitza arloan, berriz, Bareño, Asu eta Loiolan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko diru-partida gordeko du Udalak. Era berean, herri barruan garraio publikoa bultzatzeko asmoz, Sopelbus zerbitzua urte osoan zehar mantenduko dute.
Bestalde, Sopelmar auzoan, auzokideek egindako eskaerari kasu egingo dio tokiko erakundeak, bertan biribilgune bat eraikitzeko dirua gordez. Arrietaran, berriz,. 77.000 euro inbertituko dituzte umeentzako ekipamenduak jartzeko, bertako bizilagunek eskatu bezala. Gizarte Zerbitzuen kasuan, aurrekontuetatik 634.000 euro bideratuko dira Uribe Kostako Mankomunitatera (Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna eta Lankidetza arloetarako). Gazteei dagokienez, skate-park berri bat eraikitzeko dirua gordeko dute, "hala eskatu dutelako Sopelako hainbat neska-mutilek". Bitartean, Euskara arlorako 217.000 euro emango dituzte. Haatik, arduradun politiko, batzorde, dieta, eta abarrekin lotura duten sail guztiak bere horretan mantenduko dira, udal gobernuak ekainean nabarmen murriztu ostean.
Alderdien balorazioak
Saioa Villanueva alkateak "oso positiboki" baloratu zituen onartutako aurrekontuak, %12ko jaitsiera egon arren “zerbitzuetan murrizketarik eragin ez duelako”. Era berean, udal gobernuak aurkeztutako proposamena "auzokideen eta beste talde politikoen ekarpenetan" oinarritu direla gogoratu zuen: “Orain arte itxita egon den atea apurka-apurka zabalduz doa. Testuinguru ekonomiko honetan, are garrantzitsuagoa da auzokideen parte-hartzea bultzatzea. Eta hori izan da eta izango da Sopelako Udalak egin eta egingo duen apustua”. Horregatik, alkateak eskerrak eman zizkien aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan modu batean edo bestean parte hartu duten sopeloztar guztiei, eta aurrerantzean metodologia horrekin jarraituko dutela nabarmendu zuen.
Leire Pinedo Bilduko bozeramaileak, bere aldetik, aurrekontuen ezaugarri ekonomikoak baloratu zituen gehienbat: “Aurrekontua baliabideen optimizaziora bideratuta dago; gastu korrontearen kontrolaren, arrazionalizazio eta eustearen bidez. Aurrekontu hauen helburu nagusia Sopelako auzokideen beharrizanak asetzea izan da; krisi testuinguru honetan, Udalari konpromiso handiagoa eskatzen diotelako”.
Josu Landaluze EAJko bozeramailea onartutako proiektuarekin “ase” dagoela adierazi zuen, bere ustez, aurrekontuak “aurrera eraman nahi genituen hainbat proposamen” jasotzen dituelako. Hala ere, beste diru-partida batzuk zalantzan jarri zituen: Sopelbus zerbitzua urte osoan zehar mantentzea, edo inbertsio eta kultura sailen artean dagoen “desfasea”, besteak beste. “Kulturan bi milioi eurotako aurrekontua dugu, eta inbertsioetan 1,8 milioi. Kultura eta euskara ezinbestekoak eta oso garrantzitsuak dira, baina sail bien artean desfase handia dago”, adierazi zuen jelkideak.
Bai PSE-EEko bozeramaileak, bai PPko zinegotziak, “onartutako aurrekontuak bazterrean utzi gaituen hitzarmen baten fruitua" direla salatu zuten: “horregatik erabaki dugu aurka bozkatzea”, aipatu zutenez. Maria Teresa Fernandez PSE-EEko bozeramailearen arabera, udal gobernuak proposatu dituen inbertsioak “ez dira lehentasuna momentu honetan; eta lehentasunezkoak direnak, berriz, ez ditu jasotzen”. Berta Rodriguez PPko zinegotziak, bere aldetik, enplegura bideratutako baliabideak “eskasak” direla esan zuen. "Berdintasun eta Gazteria sailetakoak ez dira nahikoak; eta Euskara arlokoak, aldiz, gehiegizkoak”, gaineratu zuenez.