Sariak
Finalistek jaialdiaren lehenengo lau egunetan parte hartuko dute, hurrenez hurren, eta irabazleak berriro jardungo da azken egunean. Sariei dagokienez, 3.750 euro jasoko dituzte irabazleek eta disko bat grabatuko zaie zuzenean. Bigarren sariari 1.500 euro dagozkio eta, azkenik, bakarlaririk onenak 750 euro irabaziko ditu. Sariez gain, irabazleek Hoeilaarteko (Belgika) eta Eibissako jazzaldietan parte hartuko dute, Getxoko Kultur Etxeak horiekin dituen hitzarmenei esker.
Getxoko Nazioarteko 36. Jazzaldiaren talde lehiaketako finalistak dagoeneko aukeratu ditu epai-mahaiak. Aurten 59 taldek parte hartu dute aurreneko fasean eta, horien artean, honako lau hauek hautatu dituzte: Miroslav Hloucal Quartet (Txekiar Errepublika), Piotr Pawlak Jazztet (Austria), Tobias Meinhar Quintet (Alemania) eta Szwec & Wendt Quintet (Polonia). Txapelketa 2012ko uztailaren 4etik 8ra egingo da Getxo udalerrian, zuzeneko emanaldien bidez. Oraingo honetan, 15 estatutako taldek parte hartu dute lehiaketan. Espainiak, Alemaniak, Poloniak eta Danimarkak aurkeztu dute talde kopururik handiena, Txekiar Errepublikaren, Frantziaren eta Suitzaren aurretik, besteak beste. Ohikoa denez, hautatutako lau finalistek esku-dirua jasoko dute, 1.000 eta 2.000 euro artekoa, kontzeptu guztiak barne (bidaia, egile-eskubideak, eta abar); egonaldia ere antolakundearen esku egongo da. Argazkian, Carl Winther Trio 2011ko irabazleak / © Getxoko Kultur Etxea.