Metro Bilbaon ematen ari den gestio eredua "onartezina" dela salatzeko eta langileei beren eskubideen alde egiten ari diren mobilizazioei babesa emateko,
prentsaurrekoa eskaini zuen atzo
LAB sindikatuak. Erakunde abertzalea "oso pozik" agertu zen izaera eta ideologia ezberdineko bost sindikatuk greba batzordean bat eginik garatzen ari diren lanarekin. Bestalde, LABek gogor salatu zituen garraio enpresako arduradunek "hedatzen dituzten gezurrak eta filtrazioak, langileak kriminalizatzeko eta jendartea langileen aurka jartzeko". Metro Bilbaoko langileentzat eta jendartearentzat "bestelako eredu eta jokamoldea premiazkoa" dela adierazi zuten eta borondatea eskatu zioten zuzendaritza eta erakundeei. Ildo horretan, LABek larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu zien beren afiliatuei eta jendarte osoari Metro Bilbaoren kudeaketa eredu horrekin "kokoteraino" daudela erakuts dezaten. Arratsaldeko 17:30ean abiatuko da manifestazioa larunbat honetan Plaza eliptikotik. Bestalde, atzo ere egun berezietan zerbitzua ugaritzeko eskaria egin zieten Bizkaiko Batzar Nagusiek garraio enpresako arduradunei,
Europa Press albiste agentziak zabaldu bezala. Gaur eguerdian hiru orduko lanuztea egingo dute Metro Bilbaoko langileek, 12:30etik 15:30era arte. Argazkian, LABen prentsaurrekoa atzo Bilbon / © LAB.