Euskal Herri luze eta zabalean bezala, Uribe Kosta eta Erandion ere jarduera ugari izaten ari dira egunotan Gazte Martxa aurkezteko asmoz. Jalgi Hadi Garaipenera dinamikaren baitan, apirilaren 6tik 7ra Saratik Lesakarako bidea egingo dute neska-mutil independentistek, "herri honen aldarrikapenak ahoz aho, eskuz esku eta pausuz pausu zabalduz". Apirilaren 8an, berriz, Iruñean izango dira, Aberri Egunean. Uribe Kosta aldera etorriz, ostiral honetan, hilak 23, bertso afaria egingo dute Itzubaltzeta / Romon. Tokiko gazte independentistek antolatuta, 19:30ean abiatuko dira Branka herri tabernatik, triki-poteoa egiteko. Ondoren, 21:30ean, ekitaldia izango da Txorimalo gaztetxean eta, horren ostean, bertso-afaria Gorka Ostolaza "Potxis" eta Eneko Abasolo "Abarkas"-ekin. Azken horretarako Brankan edo gaztetxean izena eman (7 euro) beharko da. Argazkian, joan den ostegunean aurkeztu zuten Gazte Martxaren egitaraua Lesakan / © Jalgi Hadi Garaipenera.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!