ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuek uste dute datorren martxoaren 29an lan-erreformaren kontra egingo duten greba orokorra "arrakastatsua" izango dela, 900 enpresa batzorderen babesa jaso baitute dagoeneko, Donostian emandako prentsaurreko batean azaldu dutenez. Gainera, sektore publikotik ere babes "asko" iritsi zaizkiela azpimarratu dute. Era berean, Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoen kontrako helegitea iragarri dute, "gehiegizkoak" deritzetelako. Gaur jakinarazi du Gasteizko Gobernuak zeintzuk izango diren greba orokor deialdian bete beharreko gutxieneko zerbitzuak. Jaurlaritzak adierazi duenez, garraio publikoek %30eko gutxieneko zerbitzuak bete beharko dituzte. Bestalde, ospitaleek, larrialdi zerbitzuek, energia hornitzaileek eta bidesariek jaiegunetan bezala lan egin beharko dute. Argazkian, Eskumaldeko LABen gaurko elkarretaratzea Lanbideko Areetako bulegoen aurrean.