Jon Rosales urtarrilaren 12an atera zen Alcala Mecotik, 10.000 euroko fidantza ordaindu ostean. Gaztea 2011ko irailaren 19tik 22ra epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, Uribe Kostako beste hamar mutilekin batera, kale borroka taldea osatu eta 2004tik 2007ko uztailera bitarteko hamar ekintza inguru leporatuta. Josu Rodriguez eta Mikel de Gregorio gazte algortarrak izan ezik, gainontzekoak absolbitu egin zituzten. Tartean, ia bi urte egin zituen espetxean Rosalesek, 2010eko otsailaren 17an atxilotu baitzuten Katalunian. "Jon basatiki torturatu egin zuten, salaketa jarri zuten, abokatuek ere jasandako torturak ikaragarriak zirela adierazi zuten, Madrileko epaitegian ere berretsi egin zuen tortura salaketa… baina orain arte tribunalek ez dute ezer egin tortura kasu honetan", salatu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.
Jon Rosalesi ongi etorria irudietan