Igande gauean
Tolosan labanaz hilda aurkitu zuten emakumearen hilketa salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte gaur Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan, Emakumeen Mundu Martxak deituta. Eskualdean, besteak beste, atzo zabaldu zituzten gaurko deialdiak Uribe Kostako Emakumeen Kontseiluak eta Leioako Bilgune Feministak zein tokiko Andrak emakumeen elkarteak. Hurrenez hurren, Larrabasterrako Urgitxieta plazan (19:30) eta Bulebar leioaztarrean (20:00) egingo dituzte kontzentrazioak. Azken horretan parte hartzera Haika Mutil elkarteak ere deitu du. Algortako Bilgune Feministak, berriz, 19:30ean jarri du hitzordua, Telletxe plazan. Caridad Angeles Rodriguez Arrieta hildako 39 urteko emakumezkoaren bikotekideak onartu du hark hil zuela, Ertzaintzaren arabera. Argazkian, 2011ko uztailaren 5ean 20 bat lagunek salatu zuten Rosario Roman De la Fuente emakume hernaniarraren erailketa Algortan.