Gazteek esku-orrien bitartez zabaldutako adierazpena:
Hego Euskal Herrian 206.000 langabe daude une honetan. Hauetako askori langabezia saria amaitzen ari zaie eta murrizketen ondorioz, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (IMI) galtzeko arriskuan daude beste asko. Gazteak, emakumeak eta etorkinak izango gara sektore kaltetuena. Kopuru totaletik %28 gazteak direlarik.
Alokairua sustatzeko gazteoi emandako 210 euroko laguntza ere izoztu egin dute eta ez dute laguntza berririk emango. Azken datuen arabera, bankuek egunero 8 etxebizitza husten jarraitzen duten bitartean, gazteok etxebizitza bat alokatu eta duintasunez bizi ahal izateko egun irabazten dugunaren ia bikoitza irabazi beharko genuke.
Alternatibarik badago, ordea. Burujabetza politiko eta ekonomikoa behar dugu euskal herritarrok, guk geure beharrak geuk nahi dugun bezala kudeatu ahal izateko.
- Hasteko, merkatuen diktadurari aurre egin eta herritarron interesak lehenetsi behar dira, eragile eta herritarron parte hartzeko eskubidea bermatuz.
- Espekulazioari eskuak moztu behar zaizkio. Ekonomia erreala sustatuz eta tokiko beharrak asez, enplegua sor daiteke. Murrizketak eten eta sektore publikoa indartu herritar guztion ongizatea bermatzeko. Banku publikoa behar dugu, espekulazioa amaitu eta herritarron beharrak aseko dituena.
- Arlo ekonomiko, laboral eta fiskalean tresnak gure esku behar ditugu. Iruzur fiskalari aurre egin eta sistema fiskal justuagoa osatzeko. Lan Harremanetarako Euskal Esparrua behar dugu gure lan baldintzak bertako herritarren beharren arabera zehazteko.
-Garapen jasangarria gezurra da. Kapitalismoak izadi osoa zulora darama abiadura bizian. Bizi ereduaren gaineko sakoneko eztabaida egiteko garaia da, norabidea aldatu nahi badugu.
Helburua lortzeko bidean ezinbestekoa da egunero gure inguruan ikusten ditugun bidegabekeriei aurre egitea eta alternatibak plazaratzea: etxebizitzen husteei aurre eginez, kaleratzeak salatuz, lan baldintza duinen alde borrokatuz, behar ez ditugun proiektuak geraraziz... eta batez ere...
Kalera ateraz! M29 greba orokorra! Denok kalera!
Gazteak grebara deitzeko ekintza Algortan