Greba orokorrera deitu dute 150 ikaslek Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko mar. 28a, 01:59

EHUko Leioa eta Erandioko campusean gaurko deitutako bi orduko lan uztea "guztiz arrakastatsutzat" jo dute deitzaileek. “Ikasleok grebara” lelopean, 150 gazte batu dira egindako mobilizazioan, tokikoek Topatu.info gazte proiektu komunikatiboari adierazi diotenez. Ikasle kolektibo moduan deitutako lan uztean ordu erdiko kontzentrazioa ere egin dute eta, ondoren, fakultatez fakultate ibili dira “Greba, greba, greba orokorra!”, “Ikasleok grebara!” eta “Ikasleon borrokaz, iraultza gorria!” oihuak lau haizetara zabalduz. Amaitzeko, lan erreforma eta hezkuntzan egindako murrizketen kontrako irakurketa egin dute, martxoak 29ko grebara ikasle oro deituz. Argazkia: cc-by-nc Topatu.info.

Ikasleen oharra:

M29an, Leioako ikasleria eta langileria greba orokorra!

Erakunde sindikal ezberdinek greba deialdia egin dute martxoak 29an. Hala ere, grebaren arrazoiak azaldu baino lehen esan behar dugu ez gaudela ados masa komunikabideek legedi berria erreforma bezala definitu izanarekin.

Erreforma, langileriaren borroken ondoren ezartzen den legedi berria da, zeinaren barnean eskubideak eta lan baldintzak hobetzen diren. Aldiz, kontraerreforma batek, guztiz kontrakoa adierazten du: eskubide eta lan baldintzetan atzera pausoa enpresarien mesedetan. M-29ra begira, argi dago zein legedi mota azaleratu zaigun.

Xehetasun hau kontuan izanda, ikus dezagun lan kontraerreforma honek gazte langile zein ikasleengan zein eragin dituen. Argi dago kontraerreforma hau ez dela momentuko gobernuaren kudeaketa arazoa (kontuan hartu behar da testuingurua, aurreko gobernuaren kontraerreformaren garapena delarik), europako oligarkiak bertako gobernuei agindutako neurriak baizik, hau da, sistema kapitalistaren egitura arazoak.

Gaur egungo egitura krisi hau dela eta, sektore publikoan pribatizazio eta murrizketa multzo galanta datorkigu, langile klaseari zuzendutako lan eskubide eta baldintza atzerapen hauekin bat. Unibertsitate arloan, murrizketak “Unibertsitate Estrategia 2015” planaren eskutik datoz. Gurean, UPV/EHU-ko ikasleek hainbat adibideetan nabaritu ditugu murrizketak:

- %40-ko igoera eman da azken lau urteetako matrikula tasetan.
- Ordezko irakasleen kontratazioa izoztea.
- Ikasketa beken izoztea.
- 12 milioi eurotako murrizketa laguntzetan.

Egoera gero eta okerragoa da. Beraz martxoaren 29an greba burutzeko arrazoiak soberan daude, eta ez dago argudiorik lanera edo ikastera joateko. Hori bai, argi izan behar dugu Greba Orokorra bera ez dela helburu, borroka tresna bat baizik. Helburua ez da egun bateko mobilizazioa lortzea. Mobilizazio iraunkorra lortu behar da, gu erasotzen gaituzten indarrei aurre egin arte eta hauek geldiarazi arte.

Martxoak 29, denok Grebara! Langileria eta ikasleria aurrera! Gora langile borroka! Kapitalaren aurka Greba Orokorra!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun