Fiskalak zortzi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du 5 eta 8 urte arteko
zazpi ikasleei sexu abusuak egotzita atxilotu zuten Erandioko irakaslearentzat,
"El Correo Español" egunkariak zabaldu duenez. 48 urteko C.S.G. gizonezkoa atzo epaitu zuten Bizkaiko Probintzia Auzitegiko seigarren atalean, ateak itxita, "adingabekoen identitatea babesteko asmoz". Hurrenez hurren, zazpi txikien aita-amek, akusatuak berak, Goikolanda ikastetxeko zuzendariak eta hiru irakaslek —defentsak horrela eskatuta—, hiru perituk eta ikerketan parte hartu zuten ertzainek deklaratu zuten atzoko saioan. Bitartean, areto kanpoaldean, babesa eta elkartasuna adierazi zioten C.S.G. irakasleari 30 bat senide, lagun eta lankidek. Adierazi zutenez, akusazioak "gezurra" dira eta "bizitza hondatu diote". Egun aske dago erandioztarra, zazpi adingabekoen kontrako jarraikako sexu abusu delitua leporatzen diotela. Argazkian, Goikolanda ikastetxe ingurua artxiboko irudian / © Erandioko Udala.