Sekeko gaztetxeak larunbat honetan, martxoak 31, ospatuko du bigarren urteurrena. Gauzak horrela, egun horretarako, ekitaldi ugari antolatu ditu udaletxeko plazan
Gazte Asanblada Sopeloztarrak (GAS). Goizeko 11etatik aurrera, umeentzako puzgarriak eta jolasak izango dira; baita ipuin kontalaria ere. Eguerdian, berriz, malabarismo tailerra egingo dute; eta ordu bete beranduago, 13:00etan, antzezlana eskainiko du Yonunka konpainiak. Bazkaltzeko ordua 14:30ean jarri dute. Horretarako txartelak salgai daude, Plaza Beltza herri kultur-gunean (17:30-20:00). Azkar ibili, gaur izango baita horiek erosi ahal izateko azken eguna. Bazkalosteko egitarauari dagokionez, 16:30ean, zirku ikuskizuna izango da, Koblakari taldearen eskutik. 18:00etan, berriz, kalejira musikatua egingo dute, Maskarrada taldearekin. Ekitaldia egiteko ordua 20:00etan jarri dute. Azkenik, 21:00etatik aurrera, Rotabator eta Itziarren Semeak taldeek eskainiko dute kontzertua. Argazkian, lehenengo urteurreneko irudi bat / © Gazte Asanblada Sopeloztarra.