Gainera, enpresa pribatuen eta bankuen esku diru publikoko kopuru itzelak jarri ostean, azken boladan erakunde publiko ia guztiak hasi dira hezkuntza, osasun, gazteria, parekidetasun, euskara eta, jakina, kultur aurrekontuak izozten eta askotan murrizten, defizita orekatzearen aitzakiaren pean. Gure herriko jaiak ez dira horretan salbuespena izango.
Era berean, osteguneko grebaren bidez bertan behera utzi nahi den erreforma, kasu honetan lanari eta negoziazio kolektiboari dagokiena, ez da krisiaren aitzakiaren pean ezarri diguten lehena, baina bai orain arte ezagutu dugun atzerapenik gogorrena. Besteak beste, langileak arrazoirik gabe kaleratzea eta lan baldintza okerragoak ezartzea errazten ditu erreformak. Eta gure herriko langileak ere ez dira salbuespena izango.
Erreforma hori eta datozenak bertan behera utzi ezean, litekeena da Itzubaltzeta / Romoko behargin gehiago langabe gelditzea eta beharrean jarraituko dutenetariko askok lan baldintza okerragoak pairatzea. Horrela izango bada, zeinek izango du dirua gure herriko denda eta tabernetan erosketak egiteko? Zenbat pertsiana gehiago jaitsiko dira behin-betiko? Eta etorkizun horretan, norekin batera antolatu ahal izango ditugu jaiak?
Ostegunean kalean ikusiko dugu elkar.
Erromo eta Pinuetako jai batzordea