Biharko, martxoak 29, deitutako greba orokorrak %100eko jarraipena izango du
Sopelako Udalean. Tokiko iturriek zehaztu dutenez, hala erabaki zuen Udaleko Langileen Batzar Orokorrak, atzo, hilak 27, egindako bileran: "bertan parte hartu zuten langile guztien botoak aldekoak izan ziren (bai funtzionarioak, bai lan-kontratua dutenak)". Greba orokorrari atxikimendua adierazteko asmoz, Langileen Batzar Orokorrak kontzentrazioa egingo du bihar, udaletxe aurrean. Hitzordua goizeko 8etan jarri dute. Era berean, sopeloztar guztiak bihar Bilbon izango den manifestazioan parte-hartzera gonbidatu dituzte. Udal langileak goizeko 11etan abiatuko dira Deustuko zubitik. Bitartean, Sopelako greba batzordeak ere hainbat mobilizazio deitu ditu biharko: batetik, 10:00etan elkarretaratzea egingo dute Udaletxeko plazan. Bestalde, 15:30ean kotxe karabanan abiatuko dira elizatik. Azkenik, 18:30ean manifestazioa egingo dute Larrabasterrako Urgitxieta plazatik abiatuta. Argazkian, Sopelak hartu zuen 2010eko ekainaren 29ko grebako eskualde manifestazioa.