
Greba orokorraren ondorioz gertatu ahal diren "istiluak" saihesteko,
Ertzaintzaren herritarren segurtasuneko eta trafikoko taldeak kalera irtengo dira eguneroko hiru txandetan. Bost mila agente asteazkeneko azken orduetan eta ostegunean lanean arituko dira, "euren lanpostuetara joan nahi duten langileen eta greban parte hartuko dutenen segurtasuna bermatzeko", Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldu duenez. Herritarren segurtasuneko taldearekin batera beste hainbat talde arituko dira: zirkulazioko atala, brigada mugikorra eta laguntza taldea. Azken honek ikerketa taldearen laguntza izango du. Agenteek arreta berezia jarriko dute industrialdeetan, komunikazio-lotuneetan, ikastetxeetan eta merkataritza-guneetan, besteak beste, lehenengo orduetan batez ere. Argazkian, 2011ko urtarrilaren 27ko greba egunean, Artea merkatalgunera hurbildutako lagunei oldartu zitzaizkien Brigada Higikorreko agenteak.