1988ko abenduaren 14raino egin dute atzera Itzubaltzeta / Romoko piketetan parte hartu duten adineko lagunek herrian izan den gaur bezalako greba zabala gogoan hartzeko. Felipe Gonzalezen Gobernuak jaulgitako Lan Erreformaren eta Gazte Enplegu Planaren aurkako greba hark izan zuen erabateko itxierara ez da heldu gaurko hitzordua, baina makina bat izan dira zabaldu ere egin ez duten banku, ostatu eta dendak, aurreko urteotako grebetan kalera irten ez direnak. Goiz osoan zehar, 80 bat laguneko piketea aritu da kaleak astintzen eta lan gehiena Areetan izan du. Itzubaltzeta / Romon, ordea, Eroskin lan egiten hasi diren beharginekin batzartu dira eta ixteko konbentzitu dituzte. Ertzainak hurbiletik izan dituzte zelatan eta Areetan grebalari bat identifikatu, bideo-kamera bahitu eta egindako bideoak eta argazkiak ezabatu dituzte. Argazkian, ertzain bat Areetan.