Goizean Avanzadako errepidetik zihoazela, Algortatik kotxe karabanan abiatutako zortzi autoak geldiarazi ditu Ertzaintzak. Gainera, gidarietako bati agiriak eskatu eta hainbat ibilgailuren matrikula zenbakiak hartu dituzte agenteek. Astrabuduako errotondatik aurrera, berriz, polizia autonomikoaren bi furgoneta izan dituzte atzetik. Hori bukatuta, Telletxe plazatik abiatu dira saltokiz saltoki greba orokorraren aldeko 40 bat lagun. Ertzaintzaren bi patruila izan dituzte uneoro "zaintzan", baina ez da gorabeherarik izan. Tarteka, polizien bi furgoneta ere agertu zaizkie. Greba batzordeko kideek adierazi dutenez, "aurrekoetan baino askoz denda gehiago" itxi dute pertsiana gaurkoan Algortan eta Getxon; Alkartetxea barne. Horren adibide bezala, Torrene kaleko merkatua zarratuta dago guztiz. Argazkian, piketeetako hainbat kide Algortako batzokiko taberna aurrean.