Greba orokorra "arrakastatsua" izan da Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko mar. 30a, 01:44

Sopeloztarrek gaurko greba orokorra babestu dute, Sopela.net agerkari digitalak adierazi duenez. Goizeko lehenengo ordutik udaletxeko atarian langileak elkartu dira sarrera oztopatzen. Udaletxea itxita egon da. Ordu berean herriko lehenengo mobilizazioak burutu dituzte eta goizeko 10ak aldera 60 lagunek giza katea egin dute herrian zehar. Ertzaintza gertutik jarraitu ditu eta hainbat unetan tentsioa egon da. Eguerdirako herri osoa, hondartzako tabernak salbu, itxita zegoen. 15:30ean elizatik kotxe karabana abiatu da. Hondartzako tabernetara abiatu dira eta bertatik bira batzuk eman eta gero Barrika aldeko beste kotxe karabanekin bat egin dute, Gorlizko hondartzaren parean. Bertan zabalik zeuden Eroski saltokietan presioa egin eta gero herri guztietatik pasatu dira. Argazkia: © Sopela.net.

18:30ean Larrabasterrako Urgitxieta plazan gelditu dira, bertan bilduta zeuden gainontzeko auzokideekin bat eginez. Ordu horretan Mankomunitate mailako manifestazioa abiatu da eta dozenaka lagun Sopelako kaleetatik ibili dira lan erreformaren aurkako oihuak botatzen. Udaletxearen aurrean manifestua irakurri dute eta grebaren arrakasta nabarmendu eta txalotu ostean borrokan jarraitzeko deia egin dute, mobilizazio egun luze honi amaiera emanez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun