Espainiako Gobernuak onartutako Lan Erreforma bertan behera uzteko asmoz grebara jo dutenen kopurua handia izan zen atzo Uribe Kostan eta Erandion. Eskumaldeko LABen arabera "oso oso handia" izan da grebaren jarraipena. Izan ere, azken urteotako lanuzteetan baino denda, banku eta ostatu askoz gehiagok itxi zituen ateak. Merkataritza gunei dagokienez, Eroski supermerkatu guztiek parte hartu dute greban. Beste kateetako hainbat supermerkatuk ere grebaren alde egin dute. Artea merkataritzagunearen kasuan, arratsaldean erabat itxita egon da, bertako arduradunen arabera "Ertzaintzak aginduta", segurtasun arrazoiak direla medio. Baina industrian izan zuen eragin gehien langileen protestak. Erandioko Axpe industrialdea eta Sopela eta Urdulizko Igeltzeran %100etik gertu egon dira itxierak. Berangon ere, Alconza enpresak grebara jo du. Lamiakoko Agra enpresan, berriz, bertako 100 langilek itxi dute ekoizpen planta, goizeko 6etan abiatutako piketearen bidez. Guztira, eskualdeko industria enpresen %80 eta %90 bitartean itxita egon zen. Argazkian, atzo arratsaldean Leioan egindako manifestazioa.