Itzubaltzetako Gazte Asanbladak zabaldutako oharra
Adi! Lapurretak Itzubaltzeta gaztetxean!
Itzubaltzetako Gazte Asanbladak martxoaren 29ko gauean gertatutakoa salatzen du.
Osteguneko gauean, gaueko 00:00ak pasata, Itzubaltzeta gaztetxean lapurretak izan ziren. Azkenengo hiru hilabete hauetan, bi lapurreta jaso dira jada eta bietan dirua eraman dute, lehenengo lapurretan ordenagailu eramangarri bat ere eraman zutela.
Oraingoan, lehenengoan ez bezala, gaztetxearen atzeko partetik sartu dira, gaztetxeko leiho bat apurtuz.
Argi utzi nahi dugu edozein lapurreta erantzun bat izango duela. Gaztetxea herritik herriarentzat gogoz eta ilusioz eraikitako gazteon etxea da, autogestioaz eta asanbladen bitartez aurrera eramaten duguna.
Jarrera horiek herrian ez ditugula onartzen esatea beharrezkoa ikusten dugu, horregatik ere salaketa hori herriratzen dugu, herriak lapurtzen ari gaituztela jakin behar baitu.
Itzubaltzetako Gazte Asanblada
Pasa den ostiraleko gauean, greba orokorraren osteko gauean, Itzubaltzeta / Romoko gaztetxean lapurreta burutu zuten hainbat ezezagunek. Gazte zentro okupatuak greba deialdiarekin bat egin eta ateak itxi izanaz baliatu ziren lapurrak, hainbat diru era lasaiagoan eramateko. Bertako gazte asanbladak jakinarazi duenez, ebasketa gauerditik aurrera jaso zuten. Sartzeko, eraikina eta trenbidea banatzen dituen korridoretik sartu eta gaztetxeko leiho metaliko bat eta horma zati bat kolpeka apurtu zuten gaizkileek. Itzubaltzetako Gazte Asanbladak irmoki salatu du izandako erasoa, eta gogoratu du gaztetxea "herritik herriarentzat gogoz eta ilusioz eraikitako gazteon etxea" dela, "autogestioaz eta asanbladen bitartez aurrera eramaten" dutena. Gainera, azpimarratu dutenez, denbora tarte txikian pairatzen duten bigarren lapurreta da.