Getxoko Udaltzaingoak J.G.N.Z. 28 urteko auzokidea atxilotu du, genero indarkeria delitua leporatuta. Gertaera ostiralean izan zen, 22:15ak aldera, Algortan, udal iturriek zabaldu dutenez. Ordu horretan, kalean, gizon eta emakume baten arteko liskarra gertatzen ari zela iragartzen zuen deia jaso zuten Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroan. Tokiko poliziak bertaratu ondoren, lekukoek adierazi zieten gizonak emakumea kolpatu zuela eta horrek kolpatua izatearen zantzuak zituen. Gainera, ustezko egilearen kontrako biktimarekiko urruntze agindua zegoen indarrean, gaineratu dutenez. Horregatik, udaltzaingoek gizona atxilotu zuten. Emakumea erietxera eraman zuten zauriak sendatzeko eta atxilotutakoa epailearen esku utzi zuten. Udaletik gogoratu dutenez, Gizarte Zerbitzuen alorrak (944660151) aholkulari juridikoa eta arreta psikologikoa ematen ditu eta tratu txarren biktimentzako Eusko Jaurlaritzaren 900 840 111 telefono zenbakira ere jo daiteke; baita Udaltzaingora (944660202), Erizaintzara (944063420) eta SOS Deiak (112) zerbitzura ere. Argazkian, joan den asteartean Caridad Angeles Rodriguez Arrieta Tolosako emakumearen erailketa salatzeko elkarretaratzea egin zuen Algortako Bilgune Feministak.