Danimarkako "Afvist-Denied" filma izan da
Getxoko Udalak antolaturiko Zubiak Aniztasunaren aldeko eta Arrazakeriaren kontrako Film Laburren I. Lehiaketaren irabazlea. "La Hégira" (Espainia) eta "Uwe+Uwe" (Alemania) pelikulek bigarren eta hirugarren sariak jaso dituzte, hurrenez hurren. "Arrazakeriaren kontrako tokiko borroka eta kultur artekotasuna, bizikidetza eta errespetua sustatze aldera" antolatu du lehiaketa toki erakundeak. Areetako Andres Isasi Musika Eskolan ostiralean ospatutako amaiera ekitaldian izandako sarien banaketaren ondoren, ikusleek saritutako film laburrak ikusteko aukera izan zuten. Elena Coria Immigrazio Unitateko zinegotzia "oso pozik" agertu zen balantzearekin, "Arrazakeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako lehiaketara aurkeztutako 21 lanen kalitatea ona izan delako eta gainera publikoari gustatu zaizkiolako". Lan irabazlean, 2009an babesa eskatzen zuten 80 errefuxiatu irakiar Kopenhageko eliza batetik ateraraztea ikus daiteke. Amaiera ekitaldira Aage Rais Nordentoft zuzendariak bidalitako mezu batean, saria eskertu ondoren, oso pozik agertu zen bere helburua hustearen istorioa eta ondorioak zabaltzea izan delako. Argazkian, film labur irabazlearen zuzendariaren mezua joan den ostiralean / © Getxoko Udala.