Bestalde, Leioako beste udaltzain batzuek atalondoan geratu ziren arratsaldeko 5ak arte, gutxi gorabehera, auzokide guztiak etxera heldu eta etxeetan ezer falta ez zela baieztatzeko. Atxiloketetan Erandioko ertzain-hiriko agenteek ere parte hartu zuten, atxilotuak bertara eraman zituzten eta atestatua egin zieten.
Herritarren parte hartzea
Ustezko bi gaizkileak atxilotzeko, herritarren parte hartzea "funtsezkoa izan dela" aipatu dute agintari leioaztarrek. Joan den hilean, Udalak bandoak jarri zituen atalondoetan Bilbo Handiko udalerrietan ematen ari ziren lapurreten berri emateko eta herritarrek babes neurriak har ditzaten. Babes neurri horien artean, pertsona edo joera susmagarrien aurrean, Udaltzaingoari deitzea zegoen. Dena dela, lapurreta horien ezaugarriak ikusirik, Udaltzaingoak zera gomendatu du: "etxeko atezain automatikoa jotzean etxean izanez gero, beti erantzun behar dela, eta deika dagoen pertsona ez bada ezaguna inoiz ere ez irekitzea atea".